Egunkaria Tiketa“Egunkariari, laguntza eta animoa, sarri anonimoa, ezezagun baina lagun, eskerrik asko.”

Atzo, Apirilak 25,”Egunkaria”-ren langileek gonbidatuta, jendez bete zen, Bilboko Euskalduna Jauregia.  Euskaldunon Egunkarian lan egiten zuten langileek, “ezezagun baina lagun” izan garen guztioi eskerrak emateko ekitaldi bat prestatu dute.Eta ederki prestatu ere, bertsolari, hizlari, kantari, dantzari, olerkilari eta bideo emanaldi zirraragarri baten bidez, eskuek min eman bait digute hainbeste txalotu beharrean.

large_Euskalduna_0

 

Hunkigarria izan da, zazpi urte luze hauetan egin diren jarduera guztiak gogararaztea, gizarte maila guztietatik ateratako jarduerak, eta kolore guztietako ekintzak izan direlarik. Auzipetuak libre uztea lortu da, eta; Egunkaria, Auzitegi Nazionalak 2003ko Otsailaren 20an itxi zuen komunikabidea, bertako langile eta gizarte guztiaren laguntzari esker ez da ez, ahaztuko. oraindik. Hala ere, poza ez da asebet auzi ekonomikoak aurrera darrai eta.

Bost auzipetuak agurtutako txalo zalaparta ikaragarria, Egunkaria, Egunero eta Berria egin duzuen langile, lagun eta oraindik auzipeturik dauden guztientzat da.

Eskerrik asko zuei. Eskerrikasko euskal gizarte guztiari eman diozuen indar eta ikasbideagatik.

 

Laube Blogetik hartutako eta orain dela bi urte Andoni Egañak botatako bertsoarekin uzten zaituztet. Informazio gehiago nahi izanez gero:www.egunkaria.info aurki dezakezue!

“ZAKU BEREAN”

Doinua: Habanera
Egilea: Andoni Egaña (2008-2-20)

1.- Orain bost urte iritsi
ziren etxeko atera
txamarra zaku, gizon bat
Patroleraino atera.
Argazkitan azaldu zen
txamarra burutik behera
begiratua oinetan,
bideko har-legarrera.
Zer ote zeukan aurrean?
Zer uzten zuen atzera?
Nork egin zuen oihua:
“EGUNKARIA aurrera!”?
zihoana zihoala
ez zihoan soilik bera
mordoska bat gindoazen
zakupe hartan batera.

2.- Ziega batean sarturik
zeinek babestu behar nau?
Berriro krisketa-hotsa
bizia, mingarria, rau!
“Todos son del mismo saco”
giza-lege eza arau…
“ez al duzu erantzun nahi?
zutitu, biluztu, barau!”.
Zaku bat burutik behera
zaku zaku zakua hau!
Dena zulo beltz bihurtuz
den-dena bilakatuz gau
oihu ta umilazio
txilio eta alarau
denbora asko joan da…
izu-ikarak hor dirau.

3.- Kaleratu zituzten bai,
denbora igaro ahala…
“Zaku berekoak dira”
hasi zen berriz fiskala.
“Zaku beretsuan daude”
Audientzia Nazionala…
Justizia irudiaren
begietako oihala
esan liteke zaku zahar
zirrikituduna zala
neurtzen zuen momentuko
aukera koiunturala
Justiziak koiunturaz
baldin baleki bezala…
horrexek erakusten du
hain Justizia ez dala.

4.- Zakua uler dezake
bakoitzak bere gisara
gure hau emana dugu
euskal nahiz herrigintzara.
Epaiketaren atetan
aurkitu gintezke iada…
izenak hamabi dira,
baina epaitu ilara.
Gu ere sar baikintezke
akusatuen pilara
ozen esango dizugu
epailea, entzun hara:
“Zaku hortan egotea
delitua baldin bada…
gu’re gaizkile gaituzu
zaku berekoak gara”.

Deja un comentario