Klima aldaketaBerotze globalak urte asko darama talde ekologista eta zientzilari ospetsuen buruan eta nahiz eta ikerketa ugari egin diren, berotze horri oraindik gizarteak ez dio beharrezko garrantzirik eman, orain azaldu nahi ditudan zenbait arrazoirengatik. Bata, eta nagusia behar bada, CO2(klima aldaketaren eragile nagusia) -aren izaera bera litzateke: CO2-a osasunean kalterik egiten ez duen gasa da, eta jende guztia ohituta dago gas hau ikusten, eta berarekin elkarbizitzen.. (kotxeen ihes-tutuetatik ateraz, ahotik…)

Horri gehitzen zaio, gas honen kontrol gabeko isurketen eragina ez dela epe laburrean nabari, ez bait dauka kausa-efektu eragin azkarrik.

Beste arrazoi bat, atmosferaren dinamikaren eraginean legoke: CO2-a munduan zehar oztopo barik banatzen du eta, gas honekiko dugun pertzepzioa gutxituz.

Gainera, petrolioaren “lobby”ek klima aldaketaren aurka finantziatutako kanpainek ez dute batere lagundu kaltearen handiaz ohartarazten.

Hala eta guzti ere, klima aldaketak azken urtean nazioarteko mapa politikoan kokatzea lortu du. 2007an, klima aldaketaren urtea deritzona, Al Gore eta IPCC-ak Bakearen Nobel saria jaso zuten, eta Al Goreren “An inconvenient truth” filmea gure etxeetan sartu zen, bi “oscar” besapean zituela. Europar komisioak, Durao Barroso buru zuelarik, berotegi efektuko gasen (BEI) %20ko murrizpena proposatu zuen, 2020 urterako. Era berean, 2020. urterako, erabiltzen dugun energiaren %20a berriztagarria izatea ere proposatu zuen. Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) 2007. urtea amaitzear zela, klima aldaketaren aurkako plana onartua izan zen, eta ordurako europarren bi herenek, klima aldaketa mundu mailako arazo larrienetakoa bezela ikusten zuten. (Eurobarometroaren emaitzen arabera). Mugimendu guzti hauen itzalean, 2008an hasi da Kiotoko hitzarmena gogo biziz lanean.

Ditugun datuen arabera, inflexio puntu batean gaudela esan genezake, baina nola dugu isurketen egoera?

EAEn isurketak %21ean egonkortzen ari dira eta Estatu mailan %52 igoera izan da, Kiotoko helburuetatik oso hurrun beraz, (EAEk %14a hartu du muga bezala, eta Espainiari berriz %15a egokitzen zaio) eta gainera, hobetzera egingo duen susmo gabe.

Mundu mailan isurketen %50a baino gehiago Kiotoko hitzarmeneran barruan egonda ere, oraindik EEBB ez dute sartzeko pausorik eman eta Txinako ekonomiaren hazkundea ikusita ez dirudi bertan sartzeko asmorik duenik. Europa mailan, krisi egoera aitzaki bezala hartuta, Europar Batasuneko zenbait partaidek ere Durao Barrosoren “20-20-20” politikaren inguruan mesfidati azaldu dira.

Klima aldaketak suposatzen duen desafioari aurre egiteko, zer estrategi hartu beharko genituzke kontuan, isurketa joera guzti hauek aldatzeko?

Nazioarteko lankidetza derrigorrezkoa da, eta ez bakarrik CO2 salerosketan oinarriturikoa. Ematen dire laguntzak herrialde behartsuak dituzten beharrizanak asetzeko, eta industrializatutako herrialdeak egindako akatsak berriro gerta ez daitezen balio behar dute. Diru ezarpenak gizarte laguntza eta energia politika egoki bat sustatzea eragin behar dute.Klima aldaketa inertzia handiko fenomenoa da, eta urte askotan orain arte egindako isurketen eragina jasan beharko dugu. Eragin horiek sahiesteko, lurralde antolamendu berri bat sortzea beharrezkoa da, ingurugiroarekiko errespetu handiagoa duen antolamendu bat, batetik isurketak murrizten lagunduko diguna eta bestetik sortuko diren egoera berriei aurre egiteko prest egongo dena.Gizarteak energia eta produktuen balio “erreala” hauteman behar du, bere barne ingurumen gastu guztiak hartuz. Gastu hauek ekoizpentik hasi eta banaketa arte sortutako gastu zein kutsadura guztiak barneratu behar ditu produktuen salneurriak.Kontsumoaren gutxitzea beharrezkoa da. Ederki erakutsi digu “Sub-prime” krisi honek, ekonomiak ezin duela mugarik gabe hazi. Energia era erangikorragoan erabiltzearen aldeko politika asko ditugu, bai EB zein EAE-k eraginda; baina argi dago isurketak gero eta handiagoak dira. Kontsumo maila handitzean, isurketak ere handiagoak dira; eta hau aldatzeko energi kontsumoa eusteko politikak beharrezkoak dira; eraginkortasunarekin bakarrik ez da nahikoa.Energia berriztagarriei aukera ematea ezinbestekoa da, hauen inguruan apustu gogorra eginez. Gaur egun erabiltzen ari garen energia sistema, petrolioaren menpe dago, eta gizakiontzat diru aldetik merkea bada ere, argi ikusi dugu ama lurrarentzat garestiegia dela.

Klima aldaketa arazo globala izanik, erakutsitako puntu hauek kudeatzeko ezinbestekoa da zeharkako tratamendu bat egitea. Administrazio publiko, erakunde eta gizartearen elkarlan erraza beharrezkoa da, bai herrialde bai nazioarte mailan, klima aldaketa ekiditeko aukera bakarra da eta.

Saia gaitezen epe luzerako behar diren estrategiak burutzen, eta ez gaitezen gaur egun bizi dugun krisi egoerarekin ito, gaur egiten ditugun aukerak, eragin handia izango dutelako datorren hamarkadetan.