NASUVINSAk, Nafarroako Gobernuko etxebizitza eta hirigintzako sozietate publikoak, NAIDERen laguntza teknikoa izango du Foru Komunitateko klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren esparruan garatzen ari diren jarduketen eragina aztertzeko eta ebaluatzeko, zehazki, C6 ekintzan ezarritako neurriena.

Inpaktuen ebaluazioa Kostu-Onura Analisiaren (KOA) metodologiaren bidez egingo da. NAIDERek garatu du metodologia hori, nazioarteko hainbat erreferentzia-esparrutan oinarrituta, eta hainbat proiektu eta esku-hartzetan aplikatu du, LIFE IP ekimenetan barne. KOA analisiari esker, etekinen argazki bat lor daiteke inbertsioak dakartzan gastuen aurrean, eta, beraz, errazagoa da horrelako proiektuetan erabakiak hartzea.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektua Nafarroako klima-aldaketara egokitzeko estrategia integratua da. Gerta daitezkeen aldaketei aurrea hartzea da proiektuaren helburua, aldaketa horien ondorio negatiboak mugatuko dituzten egokitzapen-neurriak garatuz eta, ahal den neurrian, inpaktu positiboak aprobetxatuz.