2019/02/12: COP25 LEHEN EGUNA
COP25 Klimaren Goi Bilera “Alderdien Konferentzia” hasi da dagoeneko Madrilen. Aurten ekitaldiaren antolakuntza Txileri dagokio, nahiz eta Madril harrera-hiria izan Amerikako herrialdearen barne gatazka politiko eta sozialen ondorioz.
Munduko buruzagi askoren etorrera erakusteko eta harrera egiteko balio izan du gaurko egunak. Gaur ere, mundu osoko herrialdeetako 190 ordezkari baino gehiago lanean hasi dira dagoeneko.
Inaugurazio saioaren ostean, Espainiako presidenteak dinamizatutako mahai-inguru baten inguruan bildu dira arduradun politikoak. Behin han, gobernu ezberdinetako buruzagiek klima-ekintzaren aurrerapenak, konpromisoak eta agendak aurkeztu dituzte. Horietatik puntu hauek nabarmendu nahi izan ditugu:
- Bangladesheko presidenteak klima ahultasun handia duten herrialdeei laguntza ekonomikoa emateko beharrari erreparatu dio, berea aitortu den bezala.
- Luxenburgok Parisko akordioa martxan jartzeko eskatzen du, goi bilera honen xedearekin bat. Bere hitzaldian, biodibertsitatearen kontserbazioan jarri du arreta. Gainera, garraioa elektrifikatzeko beharra nabarmendu du eta doako garraio publikoa aipatzen du, neurri aitzindaria baita bere herrialdean
- Eswatiniko erreinuko ordezkariak adierazi duenez, Afrikako hegoaldean kokatutako herrialdeak, nahiz eta 1,5ºC-ko muga bete, oso ziurrenik lehorragoak eta izugarri beroagoak izango dira, IPCCren beraren arabera. Anbizio handiagoa izateko deia argia da.
- Andorrako buruzagiak multilateralismoaren garrantzia jarri du mahai gainean. Herrialde handi eta txikirik ez dagoela aldarrikatzen du, klima aldaketaren aurkako borrokan lurralde guztiek dute zer esan eta batez ere zer egin
- Dominikar Errepublikako presidenteak pertsona ahulenak zaintzeko beharra nabarmendu du. Era berean, NBEk kudeatzen dituen larrialdi finantza-funtsak sortzea eskatzen du, hondamendi naturalen ondorioak arintzeko dirua azkar eskuratzeko.
- Tokelauko lehen ministroak (Zeelanda Berriaren menpeko lurraldea) azken urteotan lortutako erregistro historikoak azpimarratu ditu. Itsas mailaren igoerari, tenperaturari eta atmosferako C02 kontzentrazioari buruzko erregistroak. Bere lurraldearen errealitate ozeanikoa eta klima-aldaketaren ondorioz itsas ekosistemek jasaten duten presioa salatzen du. Eta hori guztia ia 30 urteko elkarrizketa eta itunak izan arren.
.
Naider Madrilen dago gizateriaren eta planetaren historiako hain gertakari garrantzitsu baten berri ematen. Egunez egun gailurrean gertatzen denaren berri ematen jarraituko dugu.