Naider Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari laguntzen ari zaio Euskadiko Osasun eta Ingurumen Behatokia diseinatzeko eta antolatzeko prozesuan.

Lan honek bi fase ditu: batetik, egoeraren diagnostikoa egiteko lehen fasea, Behatokia garatzeko oinarriak ezarriko dituena; eta, bestetik, diseinua eta antolaketa egiteko bigarren fasea, Behatokiaren misioa eta helburuak definituko dituena, bai eta haren funtzioak, edukiak, informazio-iturriak eta kudeaketa-, gobernantza- eta ebaluazio-ereduak ere, besteak beste.

Osasun eta ingurumen gaietan aditu den talde batek hartuko du parte prozesuan, eta Behatokiaren ildo estrategikoak eta funtzionaltasunak zehazten lagunduko du.

Euskadiko Osasun eta Ingurumen Behatokia sortzeko beharra EAEn osasunaren eta ingurumen-politiken arloan erreferentzia diren bi tresna estrategikotatik sortu da: Euskadiko Osasun Plana 2030 eta 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programa. Behatoki hori sortzeak aukera emango du osasunean ingurumen-inpaktuak hobeto ulertzeko eta Euskadiko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko erabakiak hartzeko eta politika eraginkorrak ezartzeko.