2025aren amaieratik, Ermuko eta Mallabiako udalekin batera lanean ari gara Urtia industrialdea birsortu eta biziberritzeko proiektu batean, industrialdea bi udalerrien artean partekatua izanik.
Industrialdearen egoera juridiko eta urbanistikoaren azterketatik abiatuta, bertan kokatutako enpresekin batera Kudeaketa eta Jarduketa Plan Integrala definitzen hasi ginen, haren kontserbazioa, hobekuntza eta egokitzapena bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak eta inbertsioak jasotzen dituena. Era berean, sortu berri den Enpresen Elkartearen oinarritik abiatuta, Naider-ek aurreikusitako jarduketen exekuzio-egutegi posiblea eta kostuen gutxi gorabeherako estimazioa lantzen ari da.
Aipatutako Plana zehazten jarraitzeko eta 2026an jarduketak garatzen hasteko bide-orri bat ezartzeko, panel informatiboak eta kokapen-planoak instalatu dira Izarra Centren. Industrialdeko enpresa guztiak gonbidatuta daude prestatutako espaziora hurbiltzera, azken asteetan enpresekin eta beste eragile publiko zein pribatuekin egindako bileretan eta elkarrizketetan oinarrituta aurrez lehenetsitako jarduketei buruzko ekarpenak egiteko.
Hasiera batean identifikatutako 30 jarduketa-aukeretatik abiatuta, sei lehentasunezko aukera hautatu dira lehen fase honetarako:
- Zoladura eta firmearen birgaitzea
- Berrikuntzarako hiri-laborategia
- ETE Zirkularra programa
- Enpresa-komunitate energetikoa (TEK Urtia/Goitondo)
- Hiri-drainatze jasangarriko sistemak
- Mugikortasun aktiboa eta oinezkoentzako korridorea
Otsailaren 26ra arte, industrialdeko enpresek Izarra Centren bisita egin dezakete jarduketa-aukera horiek sakonago ezagutzeko eta beren ekarpenak egiteko. Informazio- eta ekarpen-epe hori amaitzen den egun berean, bilera parte-hartzaile bat egingo da, prozesuaren emaitzak partekatzeko eta ondorioak ateratzeko, Kudeaketa eta Jarduketa Plan Integrala aktibatu eta zabaltzeko asmoz.
Plan horrek, gainera, beste hainbat jarduketa-aukera ere jasotzen ditu, honako arlo hauekin lotuta: aktibazio fisikoa eta irudia, plangintza eta araudia, jarduera ekonomikoa eta enplegua, energia, ekologia eta paisaia, mugikortasuna eta espazio publikoa, eraikuntza eta ondarea, eta zerbitzuak eta ekipamenduak.
Proiektu honek Naider-entzat oso garrantzitsua den lan-ildo bat sendotzen du, hiri-berroneratzearekin eta jarduera ekonomikoko espazioen biziberritzearekin lotuta, gure metodologiaren aplikazio arrakastatsua eginda dagoelarik jada inguruko hainbat industrialdetan.







