C-NEWTRAL Europako Doktoretza Sareak aurkezpen-saioa egin du, eta, bertan, proiektuari lotutako partaideek, tartean NAIDERek, proiektuan parte hartuko duten 12 doktoregaiak ezagutzeko aukera izan dugu. Horizon Europe programaren Marie Skłodowska-Curie ekintzen (MSCA) barruan, Doktorego Sareak unibertsitateen, ikerketa-zentroen, enpresen eta beste eragile sozioekonomiko batzuen arteko lankidetza sustatzen du. Laburbilduz, doktoregaiek beste sektore eta diziplina batzuetan esperientzia profesionala izatea ahalbidetzen du, unibertsitatearen eta enpresaren arteko ezagutzaren transferentzia eta berrikuntza aplikatua bultzatuz.

C-NEWTRAL Sarearen helburua hiri klimatikoki neutroak izateko dituzten erronkei heltzea da, diziplinarteko gaitasuna emanez soluzio berriak aplikatzeko eta hauek gizarteko sektoreei nola eragin diezaieketen ebaluatzeko. University College Dublin-ek koordinatuta, Boloniako Unibertsitateak, Gironako Unibertsitateak, Heidelbergeko Unibertsitateak, Helsinkiko Unibertsitateak eta Queen ‘s University Belfast-ek ere parte hartzen dute sarean, Europa osoko enpresa eta erakunde nabarmenez gain.