« Ingurugiroa zaindu eta bizitzeko beste modu bat badagoela eta behar dugula gizarteratzen lagundu dezake kulturak »

Pasa den apirilaren 1ean, ZEID Fest-ak bere bigarren edizioa antolatu zuen. Egun osoko musika jaialdi gazte honek arrakasta handia izan zuen aurten ere, Euskal Herriko adin guztietako ikusleak batuz BECean. Giro eta kultura euskalduna ardatz, Ingurumena zaintzea erakundearen balio nagusietako bat da. Eta hala erakutsi du, aurtengo ekitaldiaren ingurumen-aztarnaren diagnostikoa egiteko konpromezua hartuz, Naiderren laguntzarekin. Horretarako, bere zuzendaria Jon Arratibelekin hitz egin dugu ingurugiro zaintzan kulturak eta baita ZEID Festak joka dezakeen paperari buruz duten iritzi eta ikuspuntua jakiteko.

Zer da ZEID Fest-a? Nola jaio zen?

Zeid Fest urtean behin BEC aretoan egiten dugun egun osoko jaialdi euskalduna da. Bertan artista eta diziplina desberdinen batuketa aurkitu dezakegu. Jaialdi hau egiteko ideia pandemia garaian sortu zen, Arbizun egiteko asmoarekin. Baina publikoaren harrera dela eta, leku handiagoa bilatu behar izan genuen eta horregatik BECean egitea erabaki zen azkenean.

Zelan definituko zenukete jaialdia? Ze balore jorratu nahi dituzue?

Zeid Fest jendarte zabalarentzako pentsatua izan zen hasieratik: denontzat eta denona. Berdin da ideologia, arraza, jatorria, sexua…. Erabateko askatasuna, errespetua, eskubideak eta jaia oinarri dituen jaialdia da, euskarari garrantzi berezia ematen diona. Euskara gure hizkuntza delako. Era berean, bertako artista euskaldunek ere, bere leku nabarmena daukate jaialdian.

Zuen iritziz, zer konpromiso hartu behar ditu gure gizarteak trantsizio ekologiko eta energetikoari dagokionez?

Gizarteak bere antzinako joerak aldatu behar ditu hainbat gauzatan eta zentzu horretan gero eta konprometituagoa dagoela uste dugu. Gero eta argiago daukagu natura, lurra, zaindu beharra daukagula. Egiten duguna, erabiltzen duguna, gero eta garbiagoa eta berdeagoa izan behar duela. Erabilera bakarreko gauzen erosotasuna albo batera utzi behar dugula, bertako produktoreak eta produktuak gailendu behar zaizkiola prezio merkeari. Gauzak ongi egoteko joera badagoela uste dugu, klima aldaketa denok ikusten dugu eta lurra zaindu eta ondorengoei leku hobeagoa uzteko lana egin behar denaren ardura gero eta nabarmenagoa dela uste dugu. Gu horretan gaude behintzat.

Zeid Fest jendarte zabalarentzako pentsatua izan zen hasieratik: denontzat eta denona.

Eta zer nolako papera jokatzen du edo joka dezake kulturak trantsizio honetan? Zein izan behar du bere jokaera edo ze ekarpen egin ditzake?

Kulturaren indarra gizartearen aldarrikapenetan egon da beti. Aldarrikapen horiek indartu, horietaz edan eta aldarrikapen horiei bozgorailua jarri eta biderkatzeko dohaina izan du beti. Horren harira, ingurugiroa zaindu eta bizitzeko beste modu bat badagoela eta behar dugula gizarteratzen lagundu dezake kulturak. Balore berri horiek guztiak indartzen egin dezake ekarpena, eta egingo du, gizartearen isla den heinean.

Zer ulertzen duzue ingurugiro jasangarritasunaz hitz egiten dugunean? Eta zein da zuek hartutako ardura zentzu horretan?

ZEID Fest antolatzerakoan ingurugiroaz hitz egin da beti, jaialdiaren ardatzetako bat jasangarritasuna da. Hainbeste jende batzen duten jaialdiek, sortzen dituzten kalte eta hondakinen ardura daukate gure ustez. Aurten bigarren edizioa burutu dugu eta gero eta argiago dugu eragindako kalte eta hondakinak gutxitu behar ditugula ia desagertu arte eta ingurugiroarentzat kaltegarria den hori nola edo hala konpontzen saiatu behar garela, konpontzeko baliabideak eta neurriak hartuz. ZEID Fest jaialdi jasangarria izan nahi du ahal duen neurri guztiak hartuz eta guztiz jasangarria bilakatzea posible ez bada, naturari beste modu batera bueltatu beharko dio egindako kaltea.

Esan bezala bigarren edizioan gaude. Pixkanaka pausoak ematen goaz. Lehen pausoa eragiten dugun kaltea neurtzea eta jakitea izaten ari da. Irakurketa hori osatuta, hurrengo edizioan erabaki berriak hartuko ditugu.

Zeid Fest Euskal Herrian egiten dugun jaialdia izanik eta Euskal Herri jasangarria nahi eta behar badugu, Zeid Fest ere horrelakoa behar du izan eta bide horretan lan egin behar du. Hitzetatik ekintzetara pasatuz.

Festibalak, bere kartelean, aniztasunarekiko eta belaunaldiartekotasunarekiko bokazioa islatzen du; horrek ere ingurumenaren iraunkortasunaren alderdia landu nahi izatera eramaten al zaituzte?

Aniztasuna, belaunaldiartekotasuna, askatasuna… ERRESPETUAZ ari gara nagusiki. Ondokoari begirunea behar diogu eta modu berean, ingurugiroarekiko begirunea eskutik dator. Ezin dira aurrekoak ulertu natura errespetatu gabe. Gizarte hobeagoa jorratu nahi dugu eta gizarte hori biziko den tokia ere errespetatu eta maitatzen dugu. Bata besterik gabe ez da ulertzen.

Noiztik eta nondik datorkizue ingurugiroaren jasangarritasunaren ideia hau? Aurretik honekin esperientziarik izan duzue festibalak antolatzerakoan edo bestelako lanetan?

Jaialdiak ingurugiroaren gaia bere baloreetan planteatzen duenean oso cool geratzen dela pentsatu daiteke. Hitz hutsetan geratzen denean hala da. Baina guk hasieratik argi izan dugu gai honen inguruan etengabeko pausoak ematen joan behar garela.

Zintzotasunez onartzen dugu nahi baino geldoago goazela, baina bagoaz, eta horretan jarraituko dugu. Lehen urtean ahal genuena egin genuen. Bigarrenean burua altxatzen hasi gara eta egiten duguna aztertzeari ekin diogu. Horretarako Naider bezalako taldearekin elkarlana planteatu dugu. Erronka Garbiak ere informazioa helarazi digu… Hirugarrenean beste pauso batzuk emango ditugu.

Zuen bizimodu pertsonalean daukazuen motibazio eta arduragatik dator erabaki hau?

Gatozen lekuek eta gure motibazioak/ardurak zer esan asko dute guzti honetan, noski. Azkenean, antolakuntzan gaudenak, herri mugimendutik edan dugu nagusiki. Hainbat ekimen antolatu ditugu gure bizitzan zehar, eta esparru hau ere jorratzen joan gara maila desberdinetan.

Gauzak ongi egitearen sentsazioa baino zerbait hoberik badago? Hori bezalako onurarik ez dago.

Zer nolako gauzak egiten dituzue jadanik honen inguruan? Zer nolako zailtasunak aurkitzen dituzue? Eta onurak?

Pausoak ematen goaz: edalontzi berrerabilgarriak, janaria ateratzeko paperezko ontziak, diru-tikeen desagerpena, bertako hornitzaileen nagusitasuna…

Askotan gertatzen da, hain handia dela egiten den lana, hainbeste gauza daudela egiteko, ze azken puntuetarako uzten dela jasangarritasunaren kontua. Eta gero errekurtso gutxiago daukagula esparru hau ongi kudeatzeko. Hor eskema mentalean aldaketa bat eman beharra daukagu.

Esan beharra dago ere, ekonomiak berebiziko garrantzia duela guzti honetan eta batzuetan arazo larria izaten dela. Txinatik ekartzen den produktu bat prezio erdian badago, batzuetan aurrekontuak asko mugatu dezake egin nahi dena. Oreka bilatzen joan behar dugu, pausoka, aurrera.

Gauzak ongi egitearen sentsazioa baino zerbait hoberik badago? Hori bezalako onurarik ez dago. Honetaz gain, jaialdiarentzako onuragarria izango da publikoak dakienean jasangarritasunaren aldeko apustu aktiboa egiten dugula, zer esanik ez erabat jasangarria izatea lortzen badugu…

Zer espero duzue diagnostiko eta prozesu honekin? Ze emaitza lortu nahi dituzue eta ze ideia daukazue etorkizunari begira?

  • Orain arteko funtzionamendu batzuk desikastea.
  • Joera berriak ikastea eta erdigunean jartzea.
  • Etorkizunean eman beharreko pauso berri guztiak argi ikustea.
  • Ia jasangarriak izatera heltzea eta sortutako kalteak naturari bueltatzea.

Eskerrik asko zure erantzunengatik!

Eskerrik asko zuei!