Orain dela egun gutxi, Ingurumen sailak, urtero egiten duen bezala, “Berotegi efektuko gas isurketen inbentarioa” argitaratu du.
Bertan, 2008 urtean egindako isurketak azaltzen zaizkigu, gas mota, urte eta sektoreka. Lehengo urtean, antza denez, gure isurketak %3 gutxitu dira 2007arekin alderatu ezkero. Datu ona da berez, gainera EAEko isurketen helburura gerturatzen gaituena. (2012 urtean %14 ra iritsi nahi da, eta datu hauekin %18 hurreratu gara).
Baina, zergatik jeitsi ditugu gure isurpenak? Denok saiatu al gara gure ohiturak aldatzen? Gobernuaren politikaren eraginez izan al da?
Hori jakiteko, Estatu Batuetako 2008 isurpenak begiratzea otu zait. Estatu Batuetan, %2,2 jeitsi dira isurpenak azken urtean, eta jaitsieraren arrazoi nagusi bezala krisia dugula esan beharrean gaude.
Gure jokabidea aldatu badugu, krisiarengatik izan da, gutxiago kontsumitu dugu, bai guk eta baita industriak ere, eta horrek eraginda gure CO2 isurpenak gutxitu ditugu. Krisiak denok jo gaitu gogor, baina antza denez, Naturari arnas piska bat hartzeko aukera eman dio!
Azpimarratzekoa da halaber, 2007tik 2008 HCF-en isurpenek izandako igoera (%60), krisi egoera izanda ere, ia-ia 2003ko datuetaraino iritsiz. (2003an isurpenen maila gorena izan genuelarik). Isurpen hauek klima aldaketan eragina badute ere, ozono geruza duten eragina askoz kaltegarriagoa da, eta ez du ematen gutxitzeko joera dutenik.
EAE-ko Klima Aldaketarean aurkako Plana, 2007an atera zen kalera, eta argi geratu da bertan ateratako neurriak (energia eolikoarI dagozkionak bereiziki) ez direla beteko. Ingurugiro sailak Plana berritzeko asmoa du , eta dagoeneko hasi da bulegoa eraberritzen “Eco-Euskadi” izeneko ekimenaren inguruan.
Ziurki, datorren urteko isurketen inbentarioak ere murrizketak azalduko dizkigu, urte hontan jasandako krisia dela medio. Hala ere horrek ez gaitu itsutu behar, hartu diren politika eta jokabide aldaketak egokiak izan direla pentsatuz. Arlo hontan berrikuntzak egiteko asmoa badute, espero dut gure politikariek datu onuragarri hauek tentuz erabiltzea. Hanka-sartze galanta izan daiteke, datorren urteetako ekimenak datu engainagarri hauetan oinarritzea eta.