Apirilaren 30ean, Ortuellako Eskola Agenda 2030ren baitan, arrakasta handiz ospatu egin da bigarren eskuko azoka Otxartaga plazan, herriko ikastetxe ezberdinek parte hartu duten prozesu parte-hartzaile baten emaitza gisa. Aurretik egindako hiru tailerretan zehar, ikasleek elkarlanean aritu dira ekimen hau antolatzeko.
Saio horietan, Ortuellako ikasleek lantalde desberdinetan lan egin dute, azoka aurrera eramateko beharrezkoak ziren zereginak euren artean banatuz. Besteak beste, herritarrek emandako materialak —arropa, jostailuak, liburuak eta bestelako objektuak— jasotzea eta sailkatzea, prezioak adostea, diruaren kudeaketa egitea, eta postuen muntaketa zein desmuntaketa antolatzea izan dira landutako eginkizunak.
Azoka, herriko jaien hasierarekin batera ospatua, arrakasta handia izan du. Ikasleek arduraz eta antolaketa handiz prestatu dituzte euren mahaiak, eta talde-lanerako gaitasun handia erakutsi dute. Gainera, herritarren parte-hartzea nabarmena izan da, jasotako material kopuru handiak bizia eman baitio kontsumo arduratsuarekin lotutako ekimen honi (12. GJH).
Egun honetan lortutako dirua Agua de Coco erakundera bideratuko da, elkartasunari ekarpena eginez; soberan geratutako arropa, berriz, Koopera erakundeari emango zaio berrerabiltzeko.
Amaitzeko, ekimena antolatzen aritu diren ikasleek merezitako hamaiketakoa izan dute, egindako lanaren aitortza gisa.
Esperientzia honek erakusten du elkarlanean eta helburu komun batekin arituz gero, emaitzak oso positiboak izan daitezkeela. Kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, elkartasuna, konpromisoa eta parte-hartzea bezalako balioak indartzen dituen ekimena izan da.









