Mugikortasun aktibo eta jasangarriaren aldeko bultzada Ortuellan

 egilea
Share

Ortuellak aurten ere Europako Mugikortasunaren Astea ospatu du, herritarren artean mugikortasun aktiboagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa sustatzeko hainbat jarduerarekin.

Egitaraua Emakumeon Indarrak antolatutako herri-martxarekin hasi zen. Herritarren parte-hartze zabala izan zuen ekimenak, eta udalerriaz elkarrekin gozatzeko ez ezik, oinez mugitzeko ibilbide eroso eta seguruen garrantzia nabarmentzeko aukera ere eman zuen.

Larunbat goizean, Otxartaga Plaza adin guztietarako jardueren gune bihurtu zen. Haurrek jolas-guneaz eta haurrentzako jarduerez gozatu zuten, eta familiek mugikortasun jasangarriarekin lotutako hainbat ekimen eta informazio ezagutzeko aukera izan zuten. Sentsibilizazio- eta bide-hezkuntzako jarduerak ere egin ziren.

Jardunaldia OKE-n amaitu zen, BizkaiBizi proiektuaren aurkezpenarekin. Bertan, zerbitzuaren ezaugarriak eta bizikletaz egindako joan-etorriak sustatzeko zein Ortuella inguruko beste udalerri batzuekin konektatzeko eskaintzen dituen aukerak azaldu ziren.

NAIDERek Ortuellako Udalarekin lankidetzan dihardu udalerriko ingurumen-politiken plangintzan eta garapenean, baita herritarren sentsibilizazioa eta parte-hartzea sustatzeko ekimenen garapenean ere. Europako Mugikortasunaren Astea lan-esparru horren barruan kokatzen da, Ortuella irisgarriago, osasungarriago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko.