Bilboko Udalak Bilbao 2050 Ingurumen Estrategiaren jarraipenerako bisore bat du. Estrategiari emandako laguntza teknikoaren baitan garatutako tresnak estrategiaren lau ardatzetako adierazleak biltzen ditu (karbono-neutraltasuna, uholde-arriskua, bero-boladak eta ingurumen-osasuna) eta hiriaren 3D kartografiaren gainean kokatzen ditu.
Aldian behingo jarraipen-txostenetatik haratago, bisoreari esker udalerriaren irudi orokorretik auzo, kale edo eraikin jakin batean gertatzen denera igaro daiteke. Kasu bakoitzean, adierazleak inguruko biztanleriarekin, etxebizitzarekin, jarduera ekonomikoarekin edo azpiegitura berdearekin lotzen ditu. Informazioa modu automatizatuan eguneratzen da, iturri ofizialetatik abiatuta.
Tresnak simulazio-gaitasunak ere baditu. Energia-birgaitzeko neurriak, beroaren aurrean egokitzeko erantzunak edo birnaturalizazio-proposamenak proba daitezke, eta haien eraginak estimatu, non eta nola esku hartu erabaki aurretik.
Bisorearen funtzionamendua xehetasunez azaltzen da NaiderLab-eko proiektuaren fitxan, tresnaren dosierrarekin batera (gaztelaniaz).




