Joan den azaroaren 19an, ostegunean, Ermuko Udalak Urtiako eta Goitondoko industrialdeetako enpresak bildu zituen Izarra Centren (Ermua eta Mallabia), «Energia, elkarrekin» jardunaldian. NAIDERek dinamizatu zuen saioa, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan Sakonduz programaren barruan.
Energiaren kudeaketa eraginkorra da enpresek Urtiako Industrialdearen Kudeaketa eta Jarduketa Plan Integralean finkatutako lehentasunetako bat, eta enpresen energia komunitatea aukera lehenetsien artean dago. Jardunaldian, enpresek energia komunitate industrial batek nola funtzionatzen duen ezagutu zuten, martxan dauden bi esperientziaren bidez: Getafekoa, Sistemek aurkeztua, komunitatearen bazkide teknologikoa baita; eta Eibarko TEK Azitain, Debegesak aurkeztua.
Enpresek galdera praktikoak egin zituzten: zein distantziatara arte parteka daitekeen instalazio bat, nork inbertitzen duen, energia nola banatzen den eta fakturan nola islatzen den. Ideia nagusietako bat izan zen komunitateak beren estalkian plakak jarri ezin dituzten enpresei ere mesede egiten diela: industrialdeko estalki egokienetan inbertitu, energia elkarrekin erosi eta laguntzak batera eskatu ditzakete. Energia merkatzeaz gain, prezioen egonkortasuna ematen du epe luzera.
Bi esperientziek abiapuntu bera adierazi zuten: enpresa interesdun bakoitzaren energia-kontsumoa ezagutzea. Hori izango da hurrengo urratsa Urtian eta Goitondon.
Jardunaldiak jarraipena ematen dio NAIDERek industrialdeak biziberritzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko egiten duen lanari.


