Gasteizek Oinez Ibiltzen diren Hirien Sarearen XIII. Kongresua hartu zuen urriaren 22tik 24ra. Topaketak 200 parte-hartzaile inguru bildu zituen, hamahiru edizioetako kopururik handiena. “Camina en Verde – Berdez Ibili” lelopean, udal-ordezkariek, hirigileek eta adituek esperientziak partekatu zituzten irisgarritasun unibertsalaz, oinezkoen mugikortasunaz, biztanleriaren zahartzeaz eta espazio publikoa klima-aldaketara egokitzeaz.
Irekiera-ekitaldian Guillermo Peñalosa hirigileak hartu zuen hitza, 8-80 hirien kontzeptuaren bultzatzaileak. Ideia horren arabera, kaleak, parkeak eta espazio publikoak diseinatu behar dira zortzi urteko neskato batek zein laurogei urteko pertsona batek segurtasunez eta autonomiaz erabil ditzaten.
Inaugurazio-jardunaldian, gainera, aitortza egin zitzaion José Ángel Cuerdari, 1979tik 1999ra Gasteizko alkate izandakoari eta hiriaren oinezkoentzako eraldaketan funtsezko eragileari. Haren agintaldietan hartutako erabakiei esker, kaleek topagune eta elkarbizitzarako gune izatearen zentzua berreskuratu zuten. Horrela ezarri ziren gaur arte garatzen jarraitu duen hiri-ereduaren oinarriak.
Naiderren modu berezian bizi izan dugu omenaldi hau: duela urte batzuk Naider Ekintza eta Konpromiso Saria eman genion, nahiz eta, egiaz, saritua Naider izan zen. Hiri ireki, solidario eta pertsonentzat pentsatuaren ideiak gure lana inspiratzen jarraitzen du.
Argazkiak: Gasteizko Udala







