Esperientziak

Mexikoko trenbide-geltoki berrien hiri-inguruneen plangintza

 egilea
Share

Villaldama, Lampazos de Naranjo, Anáhuac eta Nuevo Laredoko trenbide-geltoki berriak abian jartzeak lurraldean integratzeko plangintza eskatzen du, eta horretarako Lurralde Antolamendu eta Lurzoru Kudeaketa Azterlanak egiten ari dira, Nuevo León eta Tamaulipas estatu mexikarretan. Lanak, Mexikoko Gobernuaren Secretaría de Desarrollo Agrario, Territorial y Urbano (SEDATU) delakoak bultzatuta eta Trenbide Programa Nazionalaren esparruan, Planeación, Desarrollo & Territorio (CPDyT) enpresa mexikarraren talde teknikoak garatzen ditu, NAIDERen laguntzarekin.

Mugikortasun-nodo berrien iritsierak eraldaketa handiak eragin ditzake hiri- eta ekonomia-dinamiketan, lurzoruaren erabilera eta balioetan, hiri-hazkundearen ereduetan eta geltokien, biztanle-guneen eta beren lurralde-inguruaren arteko harremanetan. Azterlanek prozesu horiek aurreikusi eta trenbideak sortutako aukerak baliatzeko eta lurraldean duen eraginak antolatzeko plangintza-esparrua ezarri nahi dute.

Lanak nazioarteko eta nazio mailako jardunbide egokien azterketa uztartzen du Garraiora Bideratutako Garapenaren (GBG) inguruan, lurralde-ekonomiaren, lurzoruaren erabilera eta balioen azterketarekin, baita esparru arautzailearekin ere. Horren gainean, etorkizun-eszenatokiak eta lurralde-integrazio ereduak eraikitzen dira, geltoki berriekin lotutako eraldaketak aztertu eta etorkizuneko garapena bideratzeko.

Lurralde-diagnostikotik abiatuta, estrategiak, proiektu-zorroak eta esku-hartzeko tresnak zehazten dira, geltokiak dauden biztanlegune eta guneekin integratzea eta ingurune horien garapena bideratzea helburu dutenak. Halaber, hiri-hazkundea kontrolatzeko mekanismoak, gobernantza-ereduak eta partaidetza-prozesuak aztertzen dira, administrazioen, eragileen eta komunitateen esku-hartzea artikulatzeko.

Azterlanek, azkenik, jarraipen eta ebaluazio sistemak eta proposatutako estrategiak eta jarduerak ezartzeko ibilbide-orria ere jasotzen dituzte. Horrela, lurralde-plangintzak trenbide-azpiegitura berriaren garapenari lehen faseetatik laguntzen dio, geltokiak garraio-nodo hutsak izatetik harago, hiri, ekonomia eta lurralde-dinamika berriak egituratzeko gaitasuna duten elementu gisa ulertuta.