Digital Gune Txorierri: enpresak eta eraldaketa digitala etorkizuneko Enplegu eta Garapen Lokalerako Plana eraikitzeko

 egilea
Share

Digital Gune Txorierri EGAZ Txorierrik bultzatutako ekimena da, eskualdeko etorkizuneko Enplegu eta Garapen Lokalerako Planaren prestaketaren baitan. Gaurko saioak, NAIDERek koordinatuta, 19 enpresa ordezkari bildu ditu, eraldaketa digitalak dakartzan erronka, behar eta aukera nagusiak identifikatzeko, eta beren ikuspegia Txorierriko garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko estrategia partekatu baten diseinuan txertatzeko.

Jardunaldiak lankidetzan aritzeko lan-espazio bat sortzeko aukera eman du, non enpresek eraldaketa digitalarekin lotutako esperientziak, kezkak eta aukerak partekatu dituzten. Metodologia parte-hartzaile baten bidez, honako gai hauek jorratu dira: teknologia berrien txertaketa, adimen artifizialaren erabilera, gaitasun digitalen garapena, zibersegurtasuna eta gero eta ingurune digitalago batera antolakuntza-ereduak egokitzea.

Tresna teknologikoak bereganatzeaz haratago, saioak agerian utzi du eraldaketa digitala prozesu estrategiko bat dela, enpresen lehiakortasunari, antolaketari eta berrikuntza-gaitasunari eragiten diona. Horregatik, ezinbestekoa da enpresa-ehunaren beharrak eta lehentasunak zuzenean entzutea, eskualdearen errealitateari erantzuten dioten politikak eta ekimenak diseinatzeko.

NAIDERek saioaren koordinazio metodologikoa hartu du bere gain, gogoeta partekatua eta enpresen parte-hartzea erraztuz. Lan hori EGAZ Txorierrieri emandako laguntza teknikoaren zati da, etorkizuneko Enplegu eta Garapen Lokalerako Plana lantzeko, eskualdeko sei udalekin, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta lurraldeko eragile sozioekonomiko nagusiekin batera estrategia partekatu bat eraikitzera bideratutako prozesu batean.