Plentziako Udalak hausnarketa estrategikoko prozesu bat abiatu du Arpillao ingurua osotasunean berroneratzeko aukerak identifikatzeko. Udalerriko itsasertzaren gune berezienetako bat da, eta gaur egun lanketa fasean dagoen lan honen helburua da etorkizuneko ikuspegi bat definitzea, hiri-biziberritzea eta itsas ezagutzari, berrikuntzari eta jasangarritasunari lotutako jarduera ekonomikoa uztartuko dituena.

Ekimenaren abiapuntuan hainbat faktore elkartzen dira, udalerriarentzat aukera-leiho bat irekitzen dutenak. Batetik, Arpillao inguruan esku hartu beharra dago haren funtzionaltasuna eta itsasertzarekiko harremana hobetzeko. Bestetik, Plentzian dago PiE–Plentziako Itsas Estazioa (EHU), Euskadin bakarra den itsas biologia eta bioteknologia esperimentaleko ikerketa-zentroa, eta urtero nazioarteko graduondoko eta doktoregoko 180 ikasle inguru hartzen ditu. Azpiegitura zientifiko horren eta Arpillao eremuaren arteko hurbiltasunak aukera ematen du ikerketari, goi-mailako prestakuntzari, dibulgazio zientifikoari eta itsas bioekonomiako ekintzailetzari lotutako erabilerak txertatzeko.

Aktibazio estrategikoko prozesuak ingurunearen diagnostiko dimentsio anitzekoa jasotzen du —hirigintza, ingurumen, itsas ingurunearekiko harreman eta alderdi sozioekonomikoak barne—, itsas zientziari lotutako nazioarteko kostalde-berroneratzearen esperientzien benchmarking bat, eta Plentziaren errealitatera egokitutako erabileren eta ildo estrategikoen proposamena. Aztertutako erreferentzien artean daude Roscoffeko (Frantzia) Blue Valley edo Boulogne-sur-Merreko Nausicaá Blue Living Lab bezalako ekimenak, beren lurraldeetan eragin ekonomiko eta soziala duten itsas berrikuntza-ekosistemak artikulatzea lortu dutenak.

Hausnarketa Plentziarentzat plangintza-une garrantzitsu batean kokatzen da; izan ere, udalerriak berriki lizitatu du Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO) idazteko kontratua. Hirigintza-berrikuspen horrek marko egokia eskaintzen du Arpillao inguruko etorkizunari buruzko erabakiak udal ikuspegi koherente eta epe luzeko batean integratzeko.

Eskualde mailan, proiektua Uribe-Kosta 2026–2036 Plan Estrategikoarekin lotzen da; plan horrek ekonomia urdina eskualdeko aukera-lurralde nagusietako bat bezala identifikatzen du, “Uribe Kosta Blue Lab” kontzeptuaren pean. Mankomunitateak, Behargintzaren bidez sustatutako plan horrek, itsasertzaren eta itsas ezagutzaren potentziala nabarmentzen du ekonomia dibertsifikatzeko, talentua erakartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko palanka gisa. Plentziaren ekimena ikuspegi eskualde horrekin lerrokatzen da, estrategia horren zati bat artikulatzeko proiektu zehatz bat eskainiz.

Lanak hiru garapen-bektore jasotzen ditu: itsas bioteknologia, hazkunde handiko sektore gisa, elikadura, osasuna, kosmetika eta ingurumen arloetan aplikazioekin; itsas bioturismoa, tokiko ekonomia dibertsifikatzeko eta urtarokotasuna murrizteko bide gisa; eta itsas kultura (Marine Literacy), herritarrak eta bisitariak kostaldeko ekosistemarekin konektatzeko tresna gisa. Proposamenak, halaber, ezarpen-faseak, gobernantza-eredua eta modu ordenatuan aurrera egiteko beharrezko baldintza gaitzaileak jasotzen dituen ibilbide-orria barne hartzen du.

Testuinguru honetan, Europar Batasunak 2026tik aurrera bioekonomia urdinera bideratutako funtsak nabarmen handitzea aurreikusten duenez, Plentziako Udalak udalerria eta eskualdea aukera horiek aprobetxatzeko kokatu nahi ditu, hiri-berroneratzearen erronka etorkizuneko proiektu bihurtuz, zientzian, berrikuntzan eta itsasertzaren garapen jasangarrian oinarrituta.