Gasteizko Udalak Ekonomia Zirkularreko 2030 Estrategiaren eta Tokiko Ekintza Planaren aurkezpena egin zuen atzo, eta NAIDER, hirian zirkulartasuna eta deskarbonizazioa bultzatzearekin bat datozen hainbat proiektutan parte hartzen dugularik, Gasteizko Erdi Aroko hiriguneko Villa Suso jauregian egin zen ekitaldian izan zen.

Maider Etxebarria alkatea eta Simon Clement Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sareko (ICLEI) Ekonomia Zirkularreko zuzendaria bertan zirela, ekitaldiak aukera eman zuen Gasteiz Hiri Zirkularren Europako Adierazpenari atxikitzeko. Adierazpen horren sinatzaile dira Kopenhage, Rotterdam, Florentzia, Oslo, Budapest, Helsinki, Praga, Sevilla edo Valladolid.

Sandra Pinaren hitzaldi inspiratzaile batez gain, non etorkizun aurreikusgarria eta etorkizun desiragarria aurrez aurre jarri zituen, aurkezpenak bi mahai-inguru izan zituen. Ekonomia zirkular lehiakorrari buruzko mahaian, ekonomia zirkularraren aldeko apustuaz mintzatu ziren Julio Lumbreras (CitiES 2030en zuzendaria, Klima Neutroko Hirien Europako Misioa garatzeko Estatuko Sarea), Javier Aguirre (Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Ekonomia Zirkularreko zuzendaria) eta Etxebarria bera.

Bigarren mahai-inguruak datozen hiru urteetarako Ekintza Planaren alderdi garrantzitsuak jorratu zituen, eta udaleko arduradun teknikoek parte hartu zuten: Juncal Ibeas (Enpresa/Industria Zerbitzua), Andrés Alonso (Iraunkortasun, Klima eta Energia Zerbitzua), Joseba Sánchez (Ingurumen Kudeaketako Zerbitzua) eta Aitor Zulueta (Ingurumen Azterlanen Zentroa). Mahaian, NAIDERek Gasteizko enpresa txiki eta ertainei ekonomia zirkularraren arloan eskainiko diegun aholkularitza zerbitzua nabarmendu zen. Programa hau irailaren 26an aurkeztuko da Jundizko Enpresa Zentroan. Gainera, hiriak trantsizio zirkular eta jasangarrian dituen erronka zehatzei heldu zen. Erronka horiek NAIDERen aztertu ditugu Zabalguneko etxadietako birgaitze energetikorako eta hiri-berroneratzerako azterlanarekin, eta Hiri Agendaren 2030erako Adierazleen Behatokirako Plataforma Interaktiboan islatuko dira. Behatoki hori garatzen eta abian jartzen elkarlanean ari gara.