KLIMATEK 2025: Klima-aldaketak Euskadin izango duen eragin ekonomikoaren azterketa proiektuak klima-aldaketaren inpaktu ekonomikoa balioestea eta planifikatutako egokitzapen baten onurak ebaluatzea du helburu. NAIDERek koordinatzen eta gidatzen du azterlan hau, Tecnaliaren eta Cambridge Econometricsen lankidetzarekin, arlo horretan Europako erakunde nagusietako bi.

Proiektuak lau fase izango ditu:

Lehenengo fasean, Euskadik aurrez aurre dituen arrisku klimatiko nagusien azterketa sakona egingo da, hala nola uholdeak, biodibertsitatearen narriadura edo bero-boladekin lotutako hilkortasunaren hazkundea, eta horiekin lotutako kostu ekonomikoak zenbatetsiko dira.

Bigarren fasean, lurraldearen erresilientzia sendotuko duten egokitzapen-soluzioen portfolioa definituko da. Neurriak hautatuko dira (naturan, irtenbide teknologikoetan eta abarretan oinarrituak), inplementatzeko eta erreplikatzeko ahalmen handia dutenak. Gainera, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-arloan sortzen dituzten baterako onuren arabera ebaluatuko dira.

Hirugarren fasean, gelditasunaren eta klima-egokitzapenaren arteko balorazio ekonomiko konparatua egingo da, eredu ekonometrikoak eta analisi-tresna aurreratuak erabiliz. Fase horri esker, saihestutako kostuak, sortutako irabaziak eta inbertsioaren itzulkin soziala zenbatetsi ahal izango dira, eta irizpide sendoak emango dira jarduera eraginkorrenak lehenesteko.

Laugarren eta azken fasean klima-egokitzapenaren etekin garbia kuantifikatuko da, aurreko emaitzak barne hartuta. Fase honen barruan, kode irekiko tresna interaktibo bat garatuko da, datuen kudeaketa eta eguneratzea erraztuko duena eta egokitzapenaren arloan erabaki publiko eta pribatuak hartzen lagunduko duena.

Zeharka, proiektuak kontraste-prozesu bat izango du, nazioarteko adituen panel batekin. Panel horrek sendotasun teknikoa eta baliozkotze metodologikoa emango die fase guztiei.

Proiektu honek klima-aldaketaren eraginei buruzko ebidentzia ekonomikoa indartzeaz gain, ekintza politikoa eta ekonomikoa Euskadi erresilienteago eta etorkizunerako prestatuago baterantz bideratu nahi du.