Erakunde liderren partzuergo batek, Vitoria-Gasteizko Udala buru dela, proposamen aitzindari bat aurkeztu du hirigintza- eta industria-ingurune baten deskarbonizazio integralerako, Europako lehen Energia Positiboko Hiri eta Industria Barrutia eratzeko. Proposamena Ekintza Berritzaileetarako Europako Hiri Ekimenaren (EUI-IA) deialdira aurkeztu da. Ekimen hori Europar Batasunak finantzatzen du, hiri-erronkei irtenbide ausartak eta berritzaileak emateko.
HAPPEN proiektuak Energia Positiboko (ingelesez PEN, Positive Energy Neighbourhood) Hiri-Industria Ingurune baterako sorkuntza, inplementazioa eta gobernantza ditu ardatz. Betoñurako pentsatu da, udalerriaren ipar-ekialdeako industria-, merkataritza- eta bizitegi-eremu mistoa, hain zuzen.
Proposamena aurrera ateraz gero, proiektuak sei milioi euro baino gehiagoko zuzkidura izango du, % 80 Europako erakundeek eta % 20 bazkide sustatzaileek jarria. Erabakiak hartzerakoan ikuspegi inklusiboa eta parte-hartzailea izateaz gain, proiektuaren ezaugarri dira deskarbonizazio-ekimenen iraunkortasuna, finantzaketaren ikuspegitik, hiriko beste esparru batzuetara igotzeko aukera, eta beste hiri batzuetan erreplikatzeko aukera.
Udalaz eta GILSA udal-elkarteaz gain, beste sei erakundek bultzatu genuen hautagaitza. NAIDERek hiri-birgaitzearen eta industria-deskarbonizazioaren arloan beharrezkoak diren garapen teknikoak eskaintzen ditu; IKERLAN zentro teknologikoak ezagutza teknikoa ematen du proiektuaren esparru energetikoa garatzeko; ACLIMA enpresa-klusterrak Euskadiko ingurumen-industriaren funtsezko eragile gisa duen ikuspegiarekin laguntzen du; MOBILITY LAB Vitoria-Gasteiz berrikuntza-poloak mugikortasun adimenduneko soluzioekin laguntzen du; Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sendotasun akademiko eta teknikoa ematen dio proiektuari; eta, azkenik, EIDE Basque Design-ek gobernantzarako diseinuan ezagutza ematen du.


Irudi ilustratiboa: Woliul Hasan, Unsplash