Atzo, urtarrilak 31, Gasteizko Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzeko urteko hitzarmenen ebaluazioaren emaitzak aurkeztu genituen. Hitzarmen horiek azken lau urteetan egin dira (2020-2023) Gasteizko Udalaren eta Zentzuz Sarearen artean, hau da, medicusmundi Araba, SETEM Hego Haizea eta Bide Bidean GGKEek osatzen duten Gasteizko Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuko sarearen artean.

Gasteizko Udalak eta Zentzuz Sarea osatzen duten GGKEek urteak daramatzate Gasteizen bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua bultzatzen, hainbat proiektu eta jardueraren bidez. 2020tik, proiektu horiek urteko hitzarmenen barruan sartzen dira. Hitzarmen horien bidez, hainbat ekintza gauzatzen dira, hala nola Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna, sentsibilizazio-tailerrak bidezko merkataritzari, zaintzari, kontsumo arduratsuari eta elikadura-subiranotasunari buruz, Balioen Faktoria, eta tokiko merkataritza txikia sustatzeko jarduerak.

NAIDERek azken 4 urteetako hitzarmenak ebaluatzeko aukera izan du. Ebaluazio horrek, hitzarmenen jarduerek Gasteizen sortutako emaitzak eta eraginak aztertzeaz gain, Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzeko lanean jarraitzera bideratutako hainbat gomendio ezartzen ditu.

Ebaluazio-txostena laster egongo da eskuragarri Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren webgunean.